XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Olivier MAIGRE Organbidexka Lepo Askea

Usoen migrazioa azken 20 urteotan

TRANSPYR programak aurten 20 urte bete ditu.

Emigrazioa ikertzeko beharrak bultzatuta 1979-an hasi zen programa hau, Piriniotako ekologisten borondate onari esker.

Organbidexka Lepo Askea elkarteak denbora honetan egin dituen zenbaketetan oinarriturik, hainbat hegazti espezieren migrazio joerak ezagutzea posible izan da.

Egun, Organbidexkak sekulako datu biltegia dauka gorderik, partikulazki harrapari, zikoin eta usoen pasari buruz.

Hegomendebaldeko usoen kasuan, kopurua modu arras kezkagarrian jausten ikusi dugu azken hamarkadetan: 60. hamarkadan, 15 milioi usok igaro zuten negua iberiar penintsulan.

80. hamarkadaren hasieran, berriz, 8 milioi izan ziren, eta joan den neguan bi milioi baino guttiago zenbatu genituen.

Organbidexkako lepoan behatoki bat dugu, eta handik hainbat adituk egindako zenbaketek ere joera hori berresten dute, 79an baino 200.0000 txori guttiago igarotzen baita orain lepo horretatik, hau da, lehen pasatzen zenaren herena bertzerik ez.

Aipatu behar da, udazkenero Pirinioak zeharkatzen dituen uso-populazioaren hilkortasun tasaren %80a ehizak eragiten duela.

15 urteren ondotik ehiztariak ohartzen hasiak dira hondamendi honetaz, baina Frantzia hegomendebaldeko ehiztariek (udazkenero 1.000.000 txori hiltzen dituztenak) ez dute euren jarrera aldatu nahi, bertze herrialdetan mugarik jartzen ez den bitartean.

Bertzalde, euskal mendietan errepide sarea nabarmen hedatu egin da azken urteetan, eta horrek uso-ehiza erosoago bihurtu du, postuetara ailegatzea erraxagoa baita.

Kostaldetik barnekalderaino mendi-lepo guziak usategiz josirik daude gaur egun.

Iparraldean kontrapasa debekatua dago, baina hegoaldean, berriz, lehen debekaturik egondu zen ehizi mota hau berpizten ari da orain.

Ez da erran beharrik, kontrapasa txorien erreprodukziorako arront kaltegarria dela.

Arazo larri honen aurrean, Organbidexkak zera eskatzen du: usategien %20a desagertaraztea, astean bi edo hiru egunez ehiza debekatzea, kontrapasa behin-betikoz galeraztea, eta azkenik, berunaren ordez kartutxoetan altzairuzko perdigoiak erabiltzea, beruna arras kutsagarria delakoz.

Guzi hau, gainera, Europan indarrean dauden araudiak betetzea bertzerik ez litzateke izanen.

Organbidexkak zera eskatzen du: usategien %20a desagertaraztea, astean bi edo hiru egunez ehiza debekatzea, kontrapasa galeraztea, eta azkenik, berunaren ordez kartutxoetan altzairuzko perdigoiak erabiltzea.